Casa de las Mujeres de Getxo

30 de Mayo 2017
emakumeen etxea.JPG

Getxoko Emakumeen Etxearen inguruko hausnarketa prozesuak balizko Emakumeen Etxe bati buruzko beharrizan, nahi eta iritziak identifikatu ditu eta honen inguruko eztabaida sustatu nahi izan duen prozesua izan da. Hainbat mekanismo eta espazio eskaini dira udalerriko emakumeen lagin esanguratsu baten errealitatea eta iritziak jasotzeko.

Emakumeen eta gizonen artean dagoen berdintasun ezetik abiatuta, Emakumeen Etxea berdintasuna lantzen duten kolektiboak, elkarteak eta zerbitzuak artikulatzen dituen espazio bat da. Beraz, indarrak bateratzen diren eta sinergiak sortzen diren leku fisikoa da. Modu berean, emakumeen elkartegintza sendotzeko helburua du, emakumeak ahaldunduz, sare berriak eginez eta jendartean sentsibilitatea sortuz. 

Emakumeen etxeek forma eta eduki ezberdinak izaten dituzte, eta tokian tokiko eskaera eta beharrizanei egokitzen zaizkie. Haietako batzuek beren jarduna gai zehatzen batera bideratzen dute, eta beste batzuek hainbat gai jorratzen dituzte. Haietako batzuk erabiltzaile profil jakin bati zuzentzen zaizkio, eta beste batzuek eremu sozial zabal bat hartzen dute barruan. Batzuek jarduera ekonomiko propioa ere sortzen dute. Hainbat modutan kudeatzen dira: badira autogestionatuak, bazkideen eta administrazioaren artean kudeatutakoak, badira administrazioak oso-osorik kudeatzen dituenak...

Etorkizunean antzerako proiektu bat egiteko aukerak aztertzeko, eta batez ere, herriko emakume eta emakume elkarteen ikuspuntua jasotzeko abiatu zuen proiektua Udalak. Prozesu honetan bi fase nagusi eta hainbat ekintza gauzatu dira:

1. Ezagutzea: Sakoneko elkarrizketak eta inkestak egin dira udalak berdintasuna sustatzeko eskaintzen dituen zerbitzuen inguruko iritziak eta beharrizanak jakite aldera. Emakumeen etxeen katalogo bat ere eratu da, espazio horrek daukan esanahia azaltzeko eta Emakumeen Etxe batek izan ditzakeen aukerak eta ikuspegiak erakusteko. Azkenik, topaketa bat ere antolatu da katalogoa aurkeztu eta EAEko bi emakumeen etxeren esperientziak ezagutzeko Donostiako Emakumeen Etxea (eredu enblematiko eta aitzindaria) eta Hernaniko Emakumeen Etxea (une honetan definizio prozesuan dagoena).

2. Ulertzea: Aurreko fasean ateratako ondorioetatik abiatuta, udalerriko emakumeei gonbidapena egin zaie, etxeak eskaini lezakeen inguruko alderdi garrantzitsuenei buruzko iritzia eman dezaten: dimentsioa, kudeaketa-modua, edukiak eta jarduerak, partehartzaileak eta abar. Horretarako, bi eztabaida-talde antolatu dira, bata Romo eta bestea Algortan.

Ekintza guzti hauetatik eratorritako informazioa jaso eta landu dugu. Iritziak aztertu eta multzokatu ditugu, emakumeek azaldutako ikuspuntu anitzak bildu eta azaleratzeko asmoz. Hemen duzue, mimo handiz, bide honen laburpen eta lekuko bezala sortutako dokumentua.

Informazio gehiago: