A25 Hiri espazioak eta biolentzia anitzak

Azaroak 25, 2017
espacios urbanos y violencias diversas.JPG

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna den honetan, emakumeok emakume izate hutsagatik jasaten ditugun biolentzien izaera anitzak azpimarratu nahi ditugu. 

Aho askotatik entzuna dugu jada indarkeria kolpe fisikoetatik harago doala, berau ezartzeko modu esplizitu eta sotilagoak daudela, eta modu inplizituan eragiten duten hauen artean dago sarri espazioen konfigurazioa eta hiri espazioen diseinua.

Urteak dira jada genero ikuspegia hirigintza eta arkitektura diziplinetan lantzen hasia dena, eta bereziki sakonean landutakoa da beldurra eta arriskuaren gaia Hiri Debekatuen Mapen bitartez. Joan den urtean, garai hauetan, Durangon aurretiaz eginiko Hiri Debekatuaren Mapa berrikusteko prozesuan geunden murgilduta. Proiektu honetan, emakumeoi beldurra sentiarazten diguten espazioak (puntu beltzak) detektatu eta jasotzeaz gain, ikuspegia zabaldu eta egunerokotasuneko bizitzarako oztopo diren guneak mapeatu genituen (puntu gorriak deitu genituenak). Mapa gaurkotu eta analisi fasetik proposamen fasera ere igaro ginen, identifikatutako zenbait espaziotarako eraldaketa proposamenak eginez Durangoko emakumeekin batera. 

Prozesu guztian zehar eta baita emaitzetan zera berretsi genuen: genero ikuspegia diagnosi tresna bat izateaz gain hirigintzaren produkzio prozesu eta tresnetan txertatzeko beharra dagoela, hau egin ezean, behin eta berriro errepikatuko baititugu jada hautemandako akatsak.

Azkenik, gogora ekarri nahiko genuke 2015ean Emakunderen ikerketa beken baitan garatu zen “¿La calle es mía? Poder, miedo y estrategias de empoderamiento de mujeres jóvenes en un espacio público hostil” ikerketa lana. Honetan, kalean zehar ibiltzean emakumeok sentitzen dugun etsaitasun eta segurtasun ezak ondorio emozionalak dituela eta askatasunari mugak ezartzen dizkiola baieztatzen zen. Espazio publikoarekiko beldurraren sozializazio eta transmisioa biolentzia ere badela, “kontuz ibili”, “ez zaitez etxera bakarrik itzuli” edo “adi ibili edarian bota ahal dizutenarekin” bezalako mezuek kalean ibiltzeko segurtasun eza indartzen dutela.

Eguneroko ekintzetatik, jardun profesionaletik eta zeharkako ikuspegiaz, lanean dihardugu emakumeonganako biolentziak azaleratu eta desagerrarazteko.

Aipatutako proiektuen inguruko informazio gehiago: