OGP Euskadi. Herritarren parte-hartze berrikuntzarako I-laba

Urtarrilak 10, 2020
Ilab OGP Euskadi TIPI.JPG

«Esku artean dugun erronka nagusia hiritarren parte-hartze prozesu berritzailea erangingo duen laborategi bat diseinatzea da. Modu irekian egin nahi dugu, kolaborazioak kontuan hartuta eta normalean instituzioetan ditugun ikuspuntu burokratikoetatik aldenduta.»

Herritarren parte-hartzeari buruzko berrikuntza publikoko I-lab laborategia sortzeko prozesuaren bigarren fasea hasi da. Parte-hartzearen arloan berrikuntzak sortzen laguntzeko gunea da I-lab laborategia; ; izan ere, Euskadi Gobernu Irekirako Aliantzan sartzean, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat erakundek hartutako konpromisoetako bat da. Hala ere, egindakoaren berri eman aurretik, testuinguru pixka bat jarriko dugu.

Gobernu Irekirako Aliantza erreferentziazko antolakundea da nazioartean, eta herritarrekin «irekiagoak, arduratsuagoak eta sentikorragoak» diren gobernuak sustatzeko mekanismoak ebaluatu eta garatzea du helburu. 2018ko apirilean, Tokiko Gobernuetarako Programan parte hartzeko hautatu zuten Euskadi, mundu osoko beste 19 eskualderekin batera. Bada, Euskadin Gobernu Irekia lortzeko Ekintza Plana (2018-2020) egin eta abiarazteko erronka ekarri zuen horrek, gobernu irekiagoa lortzeari begira. Plana herritarrekin batera sortu zen, eta bost konpromiso bereizi ziren bertan, bakoitzaren konpromiso-taldeekin batera: Kontuak ematea aginte planen  bidez; Open Data Euskadi eta Linked Open Data; Herritarren parte-hartzeari buruzko I-lab-a; Open Eskola: gobernamendu publikorako herritarren Eskola Irekia; Integritatearen euskal sistema. Eta, oraintxe bertan, hirugarren konpromisoan gaude.

2018ko azarotik, 3. konpromiso-taldea ari gara dinamizatzen, zeina gure lurraldeko pertsonek eratzen duten, bai antolakunde edo erakunde publiko eta pribatuak ordezkatuz, bai haien izenean parte hartuz. Lehenengo fasea 2019ko uztailean amaitu zen, eta, bertan, I-lab laborategiaren kontzeptualizazioa nahiz gobernantza-eredua landu ziren, besteak beste erronka hauei erantzuteko asmoz: I-lab proiektuaren xedea eta neurria zehaztea; laborategia modu parte-hartzailean nola kudeatu ikustea; herritarrak gehien kezkatzen dituen eta haien intereskoak diren gaiak detektatzea; parte-hartzearen inguruko askotariko ikuspegiak txertatzea; normalean parte hartzen ez dutenengana iristea; parte hartzeko bide, metodo, tresna eta eredu malguak prestatzea, modu batean edo bestean berritzaileak izango direnak.

3. konpromiso-taldeko kideei egindako galdetegia izan zen abiapuntua, eta, ondoren, baterako diseinua egiteko zenbait saio egin ziren, I-lab-aren «Zer?», «Zertarako?» eta «Nola?» galderei erantzuteko; hots, honako hauek zehazteko: laborategiaren definizioa eta xedeak, agenteak eta antolatzeko modua eta bere zerbitzu nahiz lan-mekanismo posibleak. Zehaztapen-prozesu horri laguntzeko, ColaboraBora elkarteak Arantxa Mendiharat-ekin lankidetzan egindako mapaketa erabili zen, zeinak, taldean ezarritako parametro batzuetan oinarrituta, nazioarteko mailako hainbat esperientzia jaso zituen, Euskadiko I-lab-a definitzen laguntzeko. Prozesuan, elkarrekin pentsatu eta sortu zen, aukerak iragazi ziren, eta eztabaidatu egin zen, garapenean inplikatuta dauden agenteen aukerekin eta konpromisoekin bat egiten duen proposamen adostu bat topatu arte. Proposamen hori, halaber, ekainean egindako Foro Irekian kontrastatu eta doitu zen. Hemen begiratu daiteke emaitza.

Aldi berean, apirilaren eta maiatzaren artean, I-lab laborategiaren lehenengo esperimentu gisa garatu litezkeen proiektu pilotuen proposamenak biltzeko lineako deialdia egin zen, eta I-lab-aren proiektu pilotuek bete beharreko irizpideak zehazteko galdetegia argitaratu zen. Lan horren ondorioz, gaur egun abian diren lau proiektu pilotu hautatu ziren.

Hemendik 2020ko uztailera bitartean, TIPIn 3. konpromiso-taldea dinamizatzen jarraituko dugu, pilotuekin koordinatuta, hautemandako jarduera onak eta ikaskuntzak parte-hartzeari begiratzeko modua hobetu eta berritu nahi duten bestelako prozesuetara ere heda daitezen.

Informatzen jarraituko dugu.