*TOPIAK: bitartekaritzarako diseinu espekulatiboa

Irailak 04, 2019
Speculative design St Martins.jpeg

«Etorkizuna ezin da aurreikusi existitzen ez delako, baina etorkizuneko alternatiboak aurreikusi daitezke eta aurreikusi behar dira»

Diseinua industriaren edo merkatuaren zerbitzura dagoen diziplinatzat hartzen duten arrazoibide nagusiei kontrajarrita, diseinu espekulatiboa fikziozko tresnak -objektuak, irudiak, filmak, testuak...- sortzen dituen korrontea da. Tresna horiek espekulazioa eta egunerokoa uztartzen dituzte, eta jendearentzat gonbidapena dira etorkizun berri horiek dakartzaten ondorioak arretaz eta kultura, zientzia, teknologia eta politikaren bidez aztertzeko, imajinaziozko arau tazitu eta sozial batzuk asmatuz.

Diseinu espekulatiboa eta futurologiaren inguruko beste ikuspegi batzuk praktika artistikoekin loturiko metodologiak eta ikuspuntuak dira, eta arrakastaz aplikatu dira marketin, ikerketa, hezkuntza edo eztabaida publikoen eragile nahiz sortzaile gisa, adibidez, herritarren zahartzeari buruzko hau.

Ikuspuntu hori baliagarria eta erabilgarria da ideiak eskuragarriago eta sormen handiagoarekin probatzeko eta aztertzeko. Hau da, esan dezakegu etorkizunak imajinatzea -eta/edo egoera espekulatiboei buruz eztabaidatzea- ere lagungarria izan daitekeela elkarteetako kideak tartean sartzeko, haien itxaropenei eta norberaren beldurrei buruz hitz egiteko, eta, horrela, ikuspegi edo kontakizun kolektiboa modu disruptibo eta aberasgarriagoan eraikitzeko, ikuspuntu ezberdinak dituzten pertsonek eginiko ekarpenekin.

Ideia hori abiapuntu hartuta, diseinu espekulatiboari buruzko proiektu berri bati hasiera ematen ari gara. Gai horri buruz denbora daramagu ikertzen eta lanean, eta gure proiektu batzuetan une jakin batzuetan sartu dugu, baina, orain, modu zehatzagoan garatuko dugu, ikerketa eta esperimentazioaren esparruan. “*TOPIAK: etorkizunak diseinatuz” deitu diogu.

Helburu nagusia da bitartekaritzaren jardunbideak aberasteko balioko duten ondorioak/estrategiak ateratzea, eta, era berean, beste testuinguru eta proiektu batzuetan balio izatea. Horretarako, bitartekotza- eta elkarsorkuntza-modu ezberdinak jarriko dira martxan, diseinu espekulatibo eta kritikorako ikuspuntuak baliatuz.

Hala, ikuspuntu espekulatiboarekin loturiko funtsezko hainbat tresna sortuko ditugu, diseinu eta kultura-arloko zenbait aditurekin batera, adibidez, Elisabet Roselló eta Itziar Zorita. Era berean, benetako testuinguruetan egingo dugu proba, elkarsorkuntza eta bitartekaritzarako bi programa martxan jarriz, lan egingo den komunitateen erronkei heldu ahal izateko. Alde batetik, Kunsthal-ekin lan egingo dugu. Zorrozaurren irekiko dute berehala, eta aukera ezin hobea ematen du unibertsitatearen paperari buruz eta etorkizunari begira inguruarekin duen posizionamendu nahiz loturari buruz hausnartzeko: kanpoan gustatuko litzaiekeena, izan daitekeena, zer uste duten izango dela... Beste alde batetik, Haurren Hirien Sarea proiektua Haurren Hiriarekin lotuta dago, eta Euskadin dagoeneko sare bat du ezarrita. Sarea hazkunde betean dago; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan gero eta udalerri gehiagotan ari dira Haurren Kontseiluak martxan jartzen.

Proiektua argi eta garbi dibulgaziozkoa denez, beste euskarri digital batzuk erabiliko ditugu futurologiarekin loturiko aparteko edukia zintzilikatzen joateko; besteak beste, ikus-entzunezko edukiak, bibliografia-aipamenak edo proiektu interesgarriak: web orrialde bat eta Instragrameko profil bat, baita gure Twitter kontua ere.

Abentura hasi da.



*Irudia Yime ilustratzailearena da, Space10-en Medium webguneko artikulu batetik aterata.